Sarrera

Presoen aldeko zortzi kontzentrazio izango dira bihar Uribe Kosta eta Erandion

2008 Ekaina 26

ukberri.net

Argazkian, Mikel Ibañez preso gaixo elgoibarraren aldeko kartela.

Hilero bezala, biharko, ekainaren azken ostiralerako, hainbat kontzentrazio deitu du Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak Euskal Herri osoan. Uribe Kostan eta Erandion zortzi hitzordu izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Algortan, Telletxe plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Elkarretaratzearen ondoren, taloak egingo dituzte Leioako Kurkudi eta Algortako Amnistia tabernetan. Ekainaren azken ostiral honetan eskualdean egingo diren mobilizazioetan, batez ere Mikel Ibañez eta preso gaixoen egoera nabarmenduko da, Anjel Figueroa algortarrarena tartean; bai eta herri bakoitzeko presoak ere.

anjelkalera | Berriak | 0 iruzkin Igo gora

Anjel Figueroa espetxera eraman dute berriro

2008 Ekaina 26

etengabe

Langraizera martxa

Argazkian, maiatzaren 11n 200 lagun inguruk egin zuten Langraizko espetxera martxa, Anjel Figueroa algortarra, Jon Agirre aramaioarra, Josu Uribetxebarria arrasatearra eta bertan dituzten gainontzeko preso gaixoen askatasuna eskatzeko asmoz.

Anjel Figueroari atzo Txagorritxu ospitalean alta eman eta berriro Langraitzeko espetxera eraman dute. Berez albiste ona izan zitekeena, Anjelen kasuan kezkatzeko modukoa dela azpimarratu nahi dugu. Izan ere, Anjelen gaixotasunak okerrera egin du azken aldian eta diagnostiko medikoetan behin eta berriro adierazi bezala espetxean ez ditu behar dituen baldintzak bertan izateko. Gauzak horrela, gurpil zoro batean sartuta dago: espetxera eraman, baldintza okerrak izanik berriro krisialdiak izan, egun batzutarako ospitalera atera eta berriro espetxera. Horrela darama azken urtea, etengabe.

Azken honetan ekainaren 15ean ingresatu zuten ospitalean, ekainaren 2an bertan alta eman ondoren, espetxean krisialdi larriak izan zituelarik. Ospitalean krisialdien ondoko egoera kontrolatu eta egonkortu egiten da.

Hala ere, ospitalea ere ez da soluzioa. Eta, esate baterako, ekainaren 18an krisialdi larria izan zuen bertan. Zaindariek lurrean botata topatu zuten, konorte barik, mingaina ebakita…

Aipatu behar da ospitalean 1. graduko espetxeko baldintzak ezartzen zaizkiela bertan diren presoei, eta normalean presoak pixka bat hobera egin orduko alta eskatu eta espetxera joan nahi izaten dutela.

Anjelen amak baimena dauka berarekin 24 orduak egoteko. Hala ere, askotan, guardian dauden ertzainen arabera, trabak eta oztopoak ere jartzen dizkiote. Azken egonaldi honetan egun batean 3 ordu eduki zuten itxarongelan baimena iritsi ei ez zelako. Edo bazkaltzeko irten eta sartzen denean ertzainek bateko edo besteko miaketak egiten dizkiote.

Eta hala eta guztiz ere epilepsia kasuetan hurbileko pertsonen harremana funtsezkoa da, arreta zuzena egiten duelako eta bere egoera zuzenean ezagutzen duelako. Medikuak ere eguneroko egoera jakiteko berari galdetu beharra dauka. Eta azken batean ospitalean dagoenean hobera egiten badu gehienbat hurbileko pertsonen harreman eta arretaren eraginez izaten da.

Anjelen eboluzioa okerrera doanean, behin-betiko soluzioa ezinbestekoa da. Gero eta okerrago dago eta espetxea-ospitalea-espetxea-ospitalea bueltaka ibiltzeak ez du ezer konpontzen, gaixotasun sendaezina izanik ezer konpontzerik ez duenez.

Anjel kalera!
PRESO GAIXOAK ASKATU!

anjelkalera | Berriak | 0 iruzkin Igo gora

Egoera gero eta larriago

2008 Maiatza 24

Elkarretaratzea anbulatorioan

Argazkian, maiatzaren 16an 20 lagun inguruk egin zuten elkarretaratzea Algortako anbulatorio aurrean.

Atzo, maiatzak 23, berriro eraman behar izan zuten Anjel Figueroa Txagorritxuko ospitalera, krisialdi larriak izan ondoren. Preso gaixo algortarraren egoeraren xehetasunak jakin artean, Figueroaren egoera egunetik egunera larriagotzen ari dela ohartarazi nahi dugu. Epilepsia krisialdiak maizago izaten ditu eta gero eta gogorragoak, gainera. Azken hilabeteetan sarri eraman behar izan dute ospitalera, krisialdien larritasunagatik. Hala ere, ordu edo egun batzuk ospitalean egon, eta berriro eraman dute Langraizko espetxera. Hartara, berriro ere preso politiko algortarra behingoz aska dezatela exijitzen dugu.

Martxoaren 20an Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan zuten Anjel, krisialdi larria zuela eta. Hurrengo egunean eraman zuten berriz espetxera. Astebete beranduago, hilaren 27an, berriz eraman behar izan zuten Txagorritxura. Apirilaren 4a arte egon zen ospitalean. Hiru egun geroago, ordea, beste krisialdi bat izan zuen algortarrak, ohi baino gogorragoa. Hala ere, gauean ospitalera eraman, eta goizaldean berriro eraman zuten espetxera, sendagaiak eman ondoren. Bada, apirilaren 8an, 19:00etan Txagorritxura eraman eta 21:10ak aldera bueltatu ostean; hogei minutu beranduago Santiago ospitalerako bidea egin behar izan zuen Figueroak, bertan ordu eta erdi emateko. Hurrengo bi egunetan ere egin zuen erietxerako joan-etorria. Azkenik, hilaren 12an, bere ama Langraizko espetxera (Gasteiz) bisitan joan zitzaion goizean eta horrek egoera oso larrian aurkitu duela jakinarazi zuen. Bere deiari erantzunez, 30 bat lagun joan ziren kartzeleraino.

Anjel Kalera! herri ekimenak, bien bitartean, presoa aske uzteko eskatzeko ekitaldi ugari egin ditu. Apirilaren 18an, Figueroa eta beste preso gaixoak askatzeko aldarrikapenari eutsi egin zioten 400 lagunek baino gehiagok, Algortan egindako manifestazioa eta ekitaldiaren bitartez. Sei egun beranduago, berriz, gure herrikidearen osasun egoeraren gaineko hitzaldia egin genuen. Ondorengo asteetan, herritarrek emandako 3.582 sinadura zuzendu genizkien Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariari, Juan Antonio Perez Langraizko kartzeleko zuzendariari eta Imanol Landa Getxoko alkateari. Maiatzaren 11n, 200 lagun inguruk egin zuten Langraizera martxa. Eta 16an 20 lagun inguruk egin zuten elkarretaratzea Algortako anbulatorio aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta horren buru den Gabriel Inclani Anjel askatzeko aldarria bere egin dezatela eta, bide horretan, eskura dituzten baliabide guztiak erabil ditzatela eskatzeko. Bitartean, ostiralero, elkarretaratzea izaten da, 20:00etan, Telletxe plazan.

Anjel kalera! Aski da!

anjelkalera | Berriak | Iruzkin 1 Igo gora

Anjel Figueroa berriro ospitaleratu dute Txagorritxun

2008 Maiatza 24

etengabe

Ekitaldia Txiki-Otaegin

Argazkian, apirilaren 18an Txiki-Otaegi plazan egin zen ekitaldia.

Atzo, maiatzak 23, berriro eraman behar izan zuten Anjel Figueroa Txagorritxuko ospitalera, krisialdi larriak izan ondoren.

Dagoeneko ez dakigu zenbat aldiz ospitalera eraman behar izan dute espetxetik. Eta ospitalean dagoen bitartean ondo dagoela esan beharko dugu, bertan behar duen arreta mediko eta lasaiatasun gehiago duelako. Arazoak, beti bezala, kartzelan dagoenean izaten da, dagoen bezala, medikuek esan bezala, kartzelan izaterik ez duelako.

Anjel askatu!

Preso gaixoak kalera orain!

anjelkalera | Berriak | 0 iruzkin Igo gora

Anjel Figueroa askatzeko neurriak hartzea eskatu diete Jaurlaritzako Osasun arduradunei

2008 Maiatza 16

Elkarretaratzea anbulatorioan

Argazki gehiago

Anjel kalera! herri ekimenak deituta, 20 lagun inguruk egin dute elkarretaratzea, gaur eguerdian, Algortako Bidezabal kaleko anbulatorioaren aurrean. Protesta horren bidez, Anjel Figueroa preso gaixo algortarra askatzeko aldarria bere egin dezatela eta, bide horretan, eskura dituzten baliabide guztiak erabil ditzatela eskatu nahi izan zaie Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta horren buru den Gabriel Inclani. Jakin badakigu, Anjel askatzeko azken erabakia Langraiz espetxeko tratamendu batzordearena dela, horren kide den kartzelako medikua tartean dela. Baina, ez dugu ahaztu behar, Lakua dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan osasun eskuduntza duena eta erantzunkizunik baduela preso gaixo algortarraren osasun egoeran. Gogoratu Gurutzetako ospitalean egin ziotela ebakuntza Anjeli eta bertan ere pasatu behar duela kontsulta. Epilepsia krisialdiak dituenean, berriz, Txagorritxun artatzen dute. Zehazki Langraizen beharrean etxean behar duela dioen txosten medikua behar du Anjelek.

anjelkalera | Berriak | Iruzkin 1 Igo gora

Preso gaixoen askatasuna aldarrikatu dute 200 bat lagunek Langraizen

2008 Maiatza 11

Langraizera martxa

Argazki gehiago

Algorta, Aramaio, Arrasate, Bilbo, Donostia, Gasteiz… 200 lagun inguruk egin dute gaur, Langraizko espetxera martxa, Anjel Figueroa algortarra, Jon Agirre aramaioarra, Josu Uribetxeberria arrasatearra eta bertan dituzten gainontzeko preso gaixoen askatasuna eskatzeko asmoz. Mendian gora joanda, hiru euskal preso politikoak dauden Erizaintzako modulua aurrez aurre izan dute etengabe martxistek. Eurek botatako elkartasun aldarriei, lehendabizi leihora ikurrina ateraz eta ondoren beraiek ere oihukatuz erantzun diete presoek. Nahiz eta fisikoki urrun egon, bertaratutako lagunek argi eta garbi aditu dituzte barrote artetik heldutako “Aurrera bolie!” bezalako oihuek. Horien artean izan dira, besteak beste, Anjel Alcalde preso ohia eta eztarria urratu beharrean oihu egin duen Josepa Arregi Etxerat elkarteko lehendakariak. Bitartean, espedientea zabaldu dio Ertzaintzak Mari Karmen Fernandez Figueroaren amari, kontzentratzeko baimena espetxe aurreko zubiaren bestalderako zela argudiatuta. Komunikatzeko orduan, protesta kartzela inguruetan izango zela adierazi zitzaien Herrizaingo Saileko arduradunei.

Elkartasuna ahalik eta gertuen adierazteko asmoz, autobus eta kotxeak Biloda herrian geratu eta mendian gora abiatu dira martxistak, Langraizko espetxea inguratu eta kartzela atzealdera begira kokatzeko asmoz. Protesta atari aurrean izango zela uste zuten polizia arduradunek eta bertan kokatu dituzte Ertzaintzaren Brigada Higikorreko hainbat dotazio. Batutako jendearen oihuek ohartarazita, baina, mendian gora espetxerantza, bidea moztu die polizia autonomikoak, bertan egoteko baimenik ez zutela argudiatuta. Gora behera handiegirik gabe, atzera egin eta beherako kontzentratu dira Algorta, Aramaio, Arrasateko, Bilbo, Donostia eta Gasteiz bertatik hurbildutako herritarrak. Presoek ere agudo entzun dituzte aldarriak eta ikurrinak ateraz eta oihukatuz erantzun dute. Geroago, goizez bisita eduki duen Mari Karmen Fernandez Figueroaren amarekin bat egin dute lagunek, preso gaixo algortarra, Uribetxeberria eta Agirre dauden Erizaintzako modulu aurrean kokatuz. Momentu hunkigarriak izan dira horiek. Izan ere, barrote artetik, bildutako jendeari keinuka ibili dira etengabe hiru euskal preso politikoak.

anjelkalera | Berriak | 2 iruzkinak Igo gora

Langraizera egingo da martxa igandean

2008 Maiatza 9

Prentsaurrekoa Gasteizen

Prentsa oharra euskaraz (pdf)

Prentsa oharra erdaraz (pdf)

Argazki gehiago

Anjel Figueroa algortarra, Jon Agirre aramaioarra, Josu Uribetxeberria arrasatearra eta bertan dituzten gainontzeko preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko asmoz, Langraizko espetxera egingo da martxa igande honetan, maiatzak 11. Horrenbestez, etzirako 12:00etan jarri dute hitzordua Gasteiz aldeko Lopidana zerbitzugunean, espetxera 12:30ak aldera heltzeko. Arrasatetik 10:30ean abiatuko da autobusa eta ordu laurden beranduago hartuko ditu aramaioarrak. Algortatik, berriz, 10:45ean irtengo da Kirikiñotik, nahiz eta hasieran 11:00etan Villamontetik izango zela iragarri arren (izena emateko Amnistia tabernan). Horretaz gain, Bilbo, Donostia eta Gasteiz bertatik ere joango da jendea. Izan ere, Anjel kalera! herri ekimenak; Amnistiaren Aldeko Mugimenduak; Etxeratek; Gizabanakoen eta Gizarte Eskubideen Babeserako Elkarteak; Salhaketak eta Anjel Figueroa (Algorta), Jon Agirre (Aramaio) eta Josu Uribetxeberriaren (Arrasate) senide, lagun eta herrikideek bat egin dute ekimenean. Baita Gasteizko Hala Bedi irratiak, Armiarma talde anarkistak, Zapateneo kultur elkarteak eta Gasteizkoak talde antimilitaristak; eta Bilboko Gatazka Guneak ere. Horretaz gain, 107 norbanakok eman diote atxikimendua martxari.

Hain zuzen ere, gaur eman dute horren berri, Salhaketaren Gasteizko egoitzan, Carlos Hernandez presoen aldeko aipatu elkarteko Bizkaiko koordinatzaileak, Amets Ladislao Anjel kalera! herri ekimeneko kideak eta Lur Pagoaga Arrasateko lagunak (argazkian, ezkerretik eskuinera). Begoña Mugerza Jon Agirreren koinatak, preso horren anaia Emiliok eta Mari Karmen Fernandez Anjel Figueroaren amak (hiruak zutik atzean) ere parte hartu dute prentsaurrekoan.

Prentsaurrekoan irakurritako idatzia:

MAIATZAREN 11N, DANOK LANGRAIZERA!

Egunon

Helburu amankomun bat ekarri gaitu gaur Gasteizera. Herri eta eragile anitzetako kideak elkartu gara, prentsaurreko honen bitartez, igande honetan, eguerdiko 12:30ean, Langraizko espetxera egingo dugun martxaren berri emateko asmoz.

Zergatik Langraizera? Bertan ditugulako Anjel Figueroa algortarra, Jon Agirre aramaioarra eta Josu Uribetxeberria arrasatearra, larriki gaixo eta oraindik preso! Langraizen, preso sozial askok gaixotasun larriak dituztelako!

Anjel, Jon eta Josuri ukatu egin diete Kode Penalaren 92. artikuluaren aplikazioa, hau da, ukatu egin diete gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean kaleratzea aurreikusten duen legearen aplikazioa. Horregatik ere, gogora ekarri nahi ditugu Anjel, Jon eta Josuk bezala gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste sei euskal preso politikoak: Mikel Gil eta Marilo Gorostiaga iruindarrak, Gotzone Lopez de Luzuriaga aguraindarra, Juan Jose Rego donostiarra, Jose Ramon Foruria markinarra eta Bautista Barandalla etxarriarra. Baita senideen sostengurik edota baliabiderik ez izateagatik espetxean mantentzen dituzten gaixo dauden hainbat preso sozial ere. Horiei guztiei, gaixotasun larriak edota sendaezinak dituzten presoentzako askatasuna arautzen duen legea aplikatu behar zaie. Osasun eskubidea zor zaie, osasun eskubidea bermatu behar zaie, gainerako euskal preso politiko eta preso sozialei bezala.

Anjel Figueroa

Anjel Figueroa Algortakoa da eta dagoeneko 13 urte daramatza espetxean. Gaixotasun larria eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala. Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu.

Gaixotasuna txikitatik badu ere, espetxeak eta espetxeko baldintzek gaixotasuna areagotzea ekarri dute, batez ere 2004an Kordobara eraman ondoren. Horren aurrean, 2006ko maiatzean ebakuntza egin zioten eskuinaldeko lobulu tenporalean, baina osatu beharrean okerrera egin du harrez gero. Gurutzetako ospitalean egin berri dioten azterketan ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman diote. Horretara, gaixotasunaren larria berresteaz gain, sendatzerik ez duela ebatzi dute azterketa egin dioten medikuek.

Medikuek argi eta garbi esan dute Anjelen egoerak ez duela bueltarik. Eta kartzelak ez ditu betetzen duen gaixotasunarekin bizitza bermatzeko behar dituen bizi baldintzak.

Kronologikoki begiratuta ere Anjelen egoera gero eta okerragoa da. Gero eta krisialdi eta arazo ugariagoak ditu.

Jon Agirre

Jon Agirre Agiriano aramaioarrak zigorra 2006ko urriaren 28an bete behar bazuen ere, Parot doktrina aplikatu eta bost urte gehiago egin beharko ditu espetxean. 30 urte guztira. Dagoeneko 27 urte daramatza kartzelan.

Artrosi orokortua dauka eta bi aldakak ukituak; baita hernia diskala gerrialdeko laugarren eta bosgarren hezurkateen artean ere. 2005ean egin zioten eskuineko aldakako ebakuntza eta protesi bat ezarri zioten.

1998an diagnostikatu zioten Diabetes Mellitas-a. Horren ondorioz, alde biko miopia, hiperkolesterolemia, hiperglizeridemia eta miokardioko bihotzeko larriaren arriskua dauka. Honetaz gain, Dupuytre gaixotasuna du eskuineko eskuan.

Josu Uribetxeberria

Arrasaten jaiotako Josu Uribetxeberriak uztailean beteko ditu 10 urte espetxean. Langraizen dago egun, destinoko espetxea Puerto-II badu ere.

Minbiziaren ondorioz, 2005eko ekainean ezkerreko giltzurruna kendu zioten. Ondorioz, aldian aldiko kontrolak egin behar ditu Urologiako Kontsultan. Bizitza osorako tratamendua da hori. Egoera hau, espetxearena, alegia, ez da egokiena gisa honetako gaixo batentzako. Espetxean jarraituz, kanpoan egonik baino arrisku larriagoa du gaitza berpiztu dadin.

Presoen osasun eskubidea

Guk uste dugu osasun fisiko zein psikologikoa pertsona ororen eskubidea dela, edozein kontsiderazio penal zein legalaren, eta edozein espetxe politikaren gainetik. Hau da, preso egonik ere, pertsona batek edozein herritarren kalitate baldintza bereko osasun integraleko eskubidea du. Preso guztiei dagokie osasun eskubidea, baita euskal preso politikoei ere. Norabide honetan, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten preso guztien askatasuna eta, zentzu honetan, eskubide hau arautzen duen legearen aplikazio zorrotza exijitzen dugu.

Gaur egun irizpide politikoengatik ez zaie Anjel Figueroari, Jon Agirreri eta Josu Uribetxeberriari Kode Penalaren 92. artikulua aplikatzen. Egoera politikoak markatzen du noiz dagozkien eskubideak euskal preso politikoei, gaixotasun larri eta sendaezinen kasuan ondorio atzeraezinak ekar ditzakeen arren.

Gogora dezagun: gaur arte bost euskal preso politiko hil dira kartzelan hainbat gaixotasunen ondorioz eta beste zazpi hil dira gaixorik kaleratu ondoren.

Langraizera martxa

Hori guztiagatik batu ditugu indarrak. Hartara, herritar oro deitzen dugu igande honetan, maiatzak 11, eguerdiko 12:30ean, Langraizko espetxera egingo dugun martxarekin bat egitera.

Kalean eta bizirik nahi ditugulako…

Anjel, Jon eta Josu askatu! Preso gaixoak kalera!

ANJEL KALERA! HERRI EKIMENA / AMNISTIAREN ALDEKO MUGIMENDUA / ETXERAT / GIZABANAKOEN ETA GIZARTE ESKUBIDEEN BABESERAKO ELKARTEA / GASTEIZ, BILBO ETA GIPUZKOAKO ANARKISTA ETA AUTONOMO SOLIDARIOAK / SALHAKETA / ANJEL FIGUEROA (ALGORTA), JON AGIRRE (ARAMAIO) ETA JOSU URIBETXEBERRIAREN (ARRASATE) SENIDE, LAGUN ETA HERRIKIDEAK…

anjelkalera | Berriak | 2 iruzkinak Igo gora

Anjel Figueroa askatzeko 3.582 sinadura

2008 Maiatza 8

Sinadurak Getxoko udaletxean entregatzen

Gutuna euskaraz (pdf)

Gutuna erdaraz (pdf)

Argazki gehiago 

Argazkian, sinadurak Getxoko udaletxean entregatzen

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzara eta Langraizko espetxera egindako bisitan, herritarrek emandako 3.582 sinadura zuzendu dizkie gaur Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariari eta Juan Antonio Perez kartzeleko zuzendariari, Anjel kalera! herri ekimenak. Goizean bezala, Mari Karmen Fernandez Figueroaren ama buru zela, beste horrenbeste egin zuten joandako apirilaren 25ean Getxoko udaletxeko erregistroan, orduan Imanol Landa alkateari zuzenduz. Sinadurei atxikitako gutunean, preso gaixo algortarra askatzeko aldarria bere egin dezatela eta, horretarako, eskura dituzten baliabide guztiak erabil ditzatela eskatu zaie hiruei.

Sinadurekin batera entregatutako gutuna:

Jaun txit agurgarria:

Getxoko hiritarrak gaituzu eta gure herrikide baten egoeraz kezkatuta gaude, Anjel Figueroa Fernandez presoaren egoeraz hain zuzen.

Utziguzu azaltzen, arren, Anjel Figueroaren osasun egoera:

Anjel Figueroak gaixotasun larria eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskumaldeko esklerosi mesiala. Horren ondorioz krisialdi larriak izaten ditu, krisialdietan konortea galtzen du eta, tartean, absentziak, memoria galerak eta haluzionazioak izaten ditu.

Anjel Figueroak 13 urte daramatza kartzelan eta, gaixotasuna txikitatik duen arren, espetxeko baldintzek areagotu diote gaixotasuna, batez ere 2004an Kordobako espetxera eraman ondoren.

Kordoban zuen koadro klinikoa ikusirik, 2006ko maiatzean ebakuntza egin zioten Gurutzetako ospitalean eskumaldeko lobulu tenporalean baina, osatu beharrean, okerrera egin du harrezkero.

Gurutzetako ospitalean egin berri dioten azterketan, ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman diote. Horrela, gaixotasunaren larria berresteaz gain, sendatzerik ez duela ebatzi dute azterketa egin dioten medikuek. Medikuek argi eta garbi esan dute Anjelen egoerak ez duela bueltarik.

Kartzelak ez ditu betetzen bizi-baldintzak gaixotasun honekin bizitza bermatzeko baina, hala ere, administrazioak ukatu egin dio Kode Penalaren 92. artikuluaren aplikazioa, hau da, ukatu egin dio gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean kaleratzea aurreikusten duen legearen aplikazioa.

Guk uste dugu osasun fisiko zein psikologikoa pertsona ororen oinarrizko eskubidea dela, edozein kontsiderazio penal zein legalaren, eta edozein espetxe politikaren gainetik. Hau da, preso egonik ere, pertsona batek edozein euskal herritarren kalitate baldintza bereko osasun integraleko eskubidea duela. Beraz, preso guztiei dagokie osasun eskubidea, baita euskal preso politikoei ere.

Gaur egun irizpide politikoengatik ez zaio Anjel Figueroari Kode Penalaren 92. artikulua aplikatzen. Egoera politikoak markatzen du noiz dagozkien eskubideak euskal preso politikoei, gaixotasun larri eta sendaezinen kasuan ondorio atzeraezinak ekar ditzakeen arren.

Norabide honetan, gaixotasun larriak edota sendaezinak dituzten euskal preso politiko guztien askatasuna eta, zentzu honetan, eskubide hau arautzen duen legearen aplikazio zorrotza exijitzen dugu. Anjel Figueroaren askatasuna exijitzen dugu.

Horrexegatik sortu dugu Anjel Kalera! herri ekimena, Anjel Figueroaren gaixotasunaren nondik norakoak ezagutzera emateko eta soluziobideak bilatzeko.

Zuk duzun ardura politikoaren baitan eskatu nahi dizugu gure aldarriak zure egin ditzazun, eta eskura dituzun baliabideak erabil ditzazun Anjel Figueroa kaleratzeko eta bere osasun eskubidea bermatzeko.

Eskaera honi behar bezalako erantzuna emango diozulakoan, jaso ezazu gure agurrik zintzoena.

Anjel kalera! herri ekimena

anjelkalera | Berriak | Iruzkin 1 Igo gora

Maiatzaren 11n, danok Langraizera!

2008 Maiatza 6

Langraizerako martxaren kartela

LANGRAIZERA MARTXA: maiatzak 11, igandea

Datorren igandean martxa bat egingo da Langraizera euskal preso politiko gaixoen kaleratzea aldarrikatzeko.

Anjel Figueroa algortarra bezala, Jon Agirre (Aramaio) eta Josu Uribetxeberria (Arrasate) ere badaude Langraizko espetxean gaixorik eta oraindik preso! Horregatik ere, gogora ekarri nahi ditugu Anjelek bezala gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste zortzi euskal preso politikoak. Horiei ere, Kode Penalaren 92. artikulua aplikatu behar zaie. Osasun eskubidea zor zaie, osasun eskubidea bermatu behar zaie, gainerako euskal preso politiko guztiei bezala.

Kalean eta bizirik nahi ditugu!

Maiatzaren 11n, DANOK LAGRAIZERA!

Goizeko 11etan abiatuko da autobusa Villamontetik (Izena emateko, Amnistia tabernan).

anjelkalera | Berriak | Iruzkin 1 Igo gora

Anjel Figueroaren osasun egoera larriaren gaineko hitzaldia izango da bihar Algortan

2008 Apirila 23

Argazkian, joan den ostiraleko ekitaldia

HITZALDIA: apirilak 24, osteguna, 19:30ean, Villamonteko Kultur Etxean, Algortan

Hitzaldia abokatu batek eta Anjel Kalera! herri ekimeneko kide batek emango dute.

Ezinbestekoa da bertara joatea, Anjelen egoera ezagutu eta Anjel kaleratzeko bidean aurrera egiteko.

Guztion esku dago!

Anjel kalera!
Preso gaixoak kalera!

anjelkalera | Berriak | 0 iruzkin Igo gora

Meta