egoera
Anjel Figueroa Algortakoa da, eta dagoeneko 13 urte daramatza espetxean. Gaixotasun larria eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala. Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du, eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu.
Gaixotasuna txikitatik badu ere, espetxeak eta espetxeko baldintzek gaixotasuna areagotzea ekarri dute, batez ere 2004. urtean Kordobara eraman ondoren. Horren aurrean, 2006ko maiatzean ebakuntza egin zioten eskuinaldeko lobulu tenporalean, baina osatu beharrean okerrera egin du harrez gero. Gurutzetako ospitalean egin berri dioten azterketan ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman diote. Horretara, gaixotasunaren larria berresteaz gain, sendatzerik ez duela ebatzi dute azterketa egin dioten medikuek.
Anjelen egoerak ez du bueltarik
Medikuek argi eta garbi esan dute Anjelen egoerak ez duela bueltarik. Eta kartzelak ez ditu betetzen duen gaixotasunarekin bizitza bermatzeko behar dituen bizi baldintzak.
Kronologikoki begiratuta ere Anjelen egoera gero eta okerragoa da. Gero eta krisialdi eta arazo ugariagoak ditu.
Hala ere, administrazioak ukatu egin dio Kode Penalaren 92. artikuluaren aplikazioa, hau da, ukatu egin dio gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean kaleratzea aurreikusten duen legearen aplikazioa.
Osasun eskubidea
Preso guztiei dagokie osasun eskubidea, baita euskal preso politikoei ere. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso guztiei dagokie 92. artikuluaren aplikazioa, baita euskal preso politikoei ere. Anjel Figueroari ere bai.
Kasu honetan eskubide eta legearen aplikazioa euskal preso politikoei ere dagokiela azpimarratu dugu, eta horrela egiten dugu arrazoi sinple bategatik: gaur egun arrazoi politikoak medio ukatzen zaie osasun eskubidea euskal preso politikoei.
Gaur egun irizpide politikoengatik ez zaio Anjel Figueroari kode penalaren 92. artikulua aplikatzen. Egoera politikoak markatzen du noiz dagozkien eskubideak euskal preso politikoei, gaixotasun larri eta sendaezinen kasuan ondorio atzeraezinak ekar ditzakeen arren.
Gogora dezagun: gaur arte bost euskal preso politiko hil dira kartzelan hainbat gaixotasunen ondorioz eta beste zazpi hil dira gaixorik kaleratu ondoren.
Herri ekimenaren dinamika
Anjel kalera! herri ekimena Algortan urrian gai honen gainean egindako asanblada batean du jatorria. Bertan, herri dinamika bat sortzearen beharra planteatu zen, eta horixe da ekimenaren bidez bideratu nahi duguna.
Gure ahalegina bi ardatzen inguruan kokatzen da: informazioa eta parte hartzearen inguruan alegia.
Informazioa ezinbestekoa da Anjelen egoera gizarteratzeko.
Gure bitartekoak urriak dira. Baina dinamika ireki eta partehartzaileak bideratu nahi ditugu, zeregin honetan bakoitzak bere lekutik eta alorretik bere ekarpena egin dezan: inork ez dezala esan ez duela ezagutzen zer gertatzen ari den.
Izan ere, informazioa bideratzea ez da nahikoa. Ekin ere ekin behar da.
Bestela, arazo hau instituzioetara bideratzeko herritarren sinadura bilketa egingo dugu.
Herritar, talde, elkarte, sindikatu, alderdi eta gainerako taldeen atxikimenduak bilduko ditugu.
Mobilizazioak, agerraldiak eta ekitaldiak antolatuko ditugu.
Herri dinamika piztu nahi dugu azken batean, berandu izan baino lehen Anjel gure artean kalean izateko.
Gurekin harremanetan jarri nahi duenak ere hemen dauka gure helbide elektronikoa: anjelkalera[abildua]euskalerria.org
Informazio gehigarria:
Askatasuna: Anjelen osasun egoera kronologikoki (pdf)
Etxerat: Osasun eskubidea, 2007ko urria (pdf)
Etxerat: “Gure senideen gaixotasun larriak kartzelak eragin ala okertu ditu. Batzuetan biak egin ditu”
Askatasuna: Espetxea eta osasuna (pdf)