Ostirala, 2008 Azaroa 21
Mikel Ibañez preso politikoa elgoibartarra ekainean eraman zuten Debako bere etxera espetxealdi arindua bete zezan. Marilo Gorostiaga iruñearra eta Anjel Figueroa algortarra, berriz, azaroaren 12an atera zituzten espetxetik. Hala ere, kalean baina oraindik ere “preso” dituztela salatu du gaur, Donostian egindako prentsaurrekoan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). Gaixotasun larria dute hirurek eta kontrol neurri oso zorrotzak ezarri dizkiete. Figueroari dagokionez, etxean lo egin behar du eta etxea aldatuz gero espetxearen baimena behar du. Medikuarengana joateko baimena eskatu behar dio kartzelari, eta ezin du Getxotik irten medikura joateko, baldin eta nahikoa arrazoi ez badago. Salbuespen gisa, etxetik atera ahal izango du 16:00etatik 18:00etara, betiere Getxo udalerritik irten gabe.
Berriak |
Asteazkena, 2008 Azaroa 12
Gaixotasun larri eta sendaezina duen Anjel Figueroa preso politiko algortarra Langraizko espetxetik atera eta etxera eraman dute gaur arratsaldean, bertan zigorra bete dezan. Askatu.org Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak Figueroa askatu dutela zabaldu arren, Algortako AAMko kideek UKBERRI.NETi adierazi diotenez, algortarra etxe kartzelan dago orain, egunero kalera bi orduz atera daitekeela. Hortaz, ez diote 92. artikulua ezarri, baina ez dakite zehatz zein den orain bere egoera juridikoa.
Berriak |
Asteartea, 2008 Azaroa 11
Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak VIII. Batzar Nazionala egin zuen igandean, azaroak 9, Etxarri Aranatzen eta “espetxe politikaren erakusle diren hainbat testigantza” ezagutarazi zituen. “Errealitate hau eskutatzen dutenei” zuzendu ziren “sufrimendu hau bukatu arte behar denaren aurrean” aurkituko dituztela gaineratuz. Hala, datorren urtarrilaren 3rako nazio manifestazioa deitu dute Bilbon (17:30ean, Aita Donostiatik abiatuta) gaixotasun larriak dituzten presoen eta zigor osoa beteta dutenen etxeratzea exijitzeko.
Berriak |
Ostirala, 2008 Azaroa 7
Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak egoeraz kezkatuta azaldu da. Dagoeneko larriki gaixorik dauden eta askatasuna ukatu zaien presoak 14 direla salatu du, eta Mikel Gil “Kurika” preso txantrearraren egoera larria azpimarratu du. Horrekin batera Nafarroako parlamentua kritikatu du Etxeraten ordezkaritza bati harrera ez egiteagatik, eta azkenik, mobilizaziorako deia zabaldu du. Gaixorik eta osasun arazoekin diren presoen artean, Algortako semea dugu horietako bat. 1971ean jaiotako Anjel Figueroa 14 urte daramatza espetxean, egun Gasteiz inguruko Langraiz espetxean. Epilepsia tenporala eta eskuinaldeko zein ezkerraldeko esklerosi mesiala dauka. Etengabeko krisialdi epileptiko larri eta bortitzak izaten ditu konorte galerekin. Gaur, ostiralero bezala, elkarretaratzea izango da 20:00etan, Algortako Telletxe plazan.
Berriak, Bideoak |