Gaixorik dauden presoak aske uzteko eskatu dute Donostian
2008 Uztaila 6

Argazkian, atzo Donostian egindako manifestazioa / Gara
Gaixotasun larriak dituzten euskal presoak aske uzteko galdegin zuten atzo arratsaldean hirurehun lagun inguruk, Donostian, “Juango Rego egoera larrian. Gaixorik dauden presoek kalean egon behar lukete. Kalera orain!” lemapean. Anmistiaren Aldeko Mugimenduak deitutako manifestazioa inolako istilurik gabe izan zen, Ertzaintzaren zaintzapean. Manifestariek PSOEren aurkako eta euskal presoen aldeko oihuen artean egin zuten ibilbidea.
Manifestazioaren amaieran ekitaldia egin zuten Bulebarrean. Han salatu zutenez, Espainiako eta Frantziako gobernuek “espetxe politika oso bat martxan dute presoak heriotzaraino eramateko helburuarekin”. Helburu hori lortzeko bidean, “euskal preso politikoen kolektiboari muturreko bizi baldintzak ezartzen dizkiote, mendekuaren eta xantaia politikoaren logikaren bidetik”.
Horren barnean sartzen du Anmistiaren Aldeko Mugimenduak Juanjo Regoren kasua. Haren hitzetan, osasunez larri dagoen arren, “bahiturik dute”, bere bizitza arriskuan jartzeraino. Mikel IbaƱez elgoibartarra ere aipatu zuten. Minbizia du horrek, eta Donostia Ospitalean dago, espetxealdi arindua ezarrita.
Espetxe politikaren ondorioak aurretik jasan dituztenak ere gogoan izan zituzten. Banaka-banaka aipatu zituzten gaixorik kartzelan dauden euskal presoak, hildakoak eta “zuzenean hiltzera atera zituztenak”, txalo artean eta “herriak ez du barkatuko” oihukatuz.
PSOE eta UMPren ardura
Egoera honen erantzukizuna PSOE eta UMPrena da, “heriotza zigorra ezartzen duen espetxe politika” baitute abian, AAMren ustez. “Euskal preso politikoak apurtu, hondoratu eta hiltzerainoko borondate politikoa” izatea leporatu zien presoen aldeko mugimenduak.
Euskal Herriak “mobilizazioaren eta presio sozialaren bidez” lortuko du “preso politikoen kontra ezarritako heriotza zigorrarekin amaitzea”, AAMren iritziz. Hala, mugimenduak dei egin zien bertaratutakoei “espetxe politika hiltzaile honen aurka eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko borrokan tinko” jarraitzera.
Hilaren 12an Zornotzan Joxe Mari Sagardui “Gatza”-ren alde egingo den ekitaldian parte hartzera deitu zuten. 28 urte daramatza espetxean; Europan egoera horretan urte gehien daramatzan presoa da, eta hori salatzeko ekitaldia deitu dute. “Eusko Gudariak” abestuz amaitu zuten manifestazioa.

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.