Anjel Figueroa espetxera eraman dute berriro
2008 Ekaina 26

Argazkian, maiatzaren 11n 200 lagun inguruk egin zuten Langraizko espetxera martxa, Anjel Figueroa algortarra, Jon Agirre aramaioarra, Josu Uribetxebarria arrasatearra eta bertan dituzten gainontzeko preso gaixoen askatasuna eskatzeko asmoz.
Anjel Figueroari atzo Txagorritxu ospitalean alta eman eta berriro Langraitzeko espetxera eraman dute. Berez albiste ona izan zitekeena, Anjelen kasuan kezkatzeko modukoa dela azpimarratu nahi dugu. Izan ere, Anjelen gaixotasunak okerrera egin du azken aldian eta diagnostiko medikoetan behin eta berriro adierazi bezala espetxean ez ditu behar dituen baldintzak bertan izateko. Gauzak horrela, gurpil zoro batean sartuta dago: espetxera eraman, baldintza okerrak izanik berriro krisialdiak izan, egun batzutarako ospitalera atera eta berriro espetxera. Horrela darama azken urtea, etengabe.
Azken honetan ekainaren 15ean ingresatu zuten ospitalean, ekainaren 2an bertan alta eman ondoren, espetxean krisialdi larriak izan zituelarik. Ospitalean krisialdien ondoko egoera kontrolatu eta egonkortu egiten da.
Hala ere, ospitalea ere ez da soluzioa. Eta, esate baterako, ekainaren 18an krisialdi larria izan zuen bertan. Zaindariek lurrean botata topatu zuten, konorte barik, mingaina ebakita…
Aipatu behar da ospitalean 1. graduko espetxeko baldintzak ezartzen zaizkiela bertan diren presoei, eta normalean presoak pixka bat hobera egin orduko alta eskatu eta espetxera joan nahi izaten dutela.
Anjelen amak baimena dauka berarekin 24 orduak egoteko. Hala ere, askotan, guardian dauden ertzainen arabera, trabak eta oztopoak ere jartzen dizkiote. Azken egonaldi honetan egun batean 3 ordu eduki zuten itxarongelan baimena iritsi ei ez zelako. Edo bazkaltzeko irten eta sartzen denean ertzainek bateko edo besteko miaketak egiten dizkiote.
Eta hala eta guztiz ere epilepsia kasuetan hurbileko pertsonen harremana funtsezkoa da, arreta zuzena egiten duelako eta bere egoera zuzenean ezagutzen duelako. Medikuak ere eguneroko egoera jakiteko berari galdetu beharra dauka. Eta azken batean ospitalean dagoenean hobera egiten badu gehienbat hurbileko pertsonen harreman eta arretaren eraginez izaten da.
Anjelen eboluzioa okerrera doanean, behin-betiko soluzioa ezinbestekoa da. Gero eta okerrago dago eta espetxea-ospitalea-espetxea-ospitalea bueltaka ibiltzeak ez du ezer konpontzen, gaixotasun sendaezina izanik ezer konpontzerik ez duenez.
Anjel kalera!
PRESO GAIXOAK ASKATU!

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.