Figueroa berriro ere eraman dute ospitalera, eta handik espetxera
2008 Apirila 17

Argazkian, otsailaren 2an Gazteizko Txagorritxu erietxearen aurrean batutako lagunak / Argazki Press
Anjel Figueroa presoaren egoera egunetik egunera larriagotzen ari da. Epilepsia krisialdiak maizago izaten ditu eta gero eta gogorragoak, gainera. Azken hilabeteetan sarri eraman behar izan dute ospitalera, krisialdien larritasunagatik. Hala ere, ordu edo egun batzuk ospitalean egon, eta berriro eraman dute Langraizko espetxera. Atzo bertan eraman zuten azkenekoz ospitalera, eta handik berriro ere espetxera.
Mari Karmen Fernandez Figueroaren amak jakinarazi duenez, martxoaren 20an Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan zuten presoa, krisialdi larria zuela eta. Hurrengo egunean eraman zuten berriz espetxera. Astebete beranduago, hilaren 27an, berriz eraman behar izan zuten Txagorritxura. Apirilaren 4a arte egon zen ospitalean. Hiru egun geroago, ordea, beste krisialdi bat izan zuen presoak, ohi baino gogorragoa. Hala ere, goizaldean ospitalera eraman, eta gauean berriro eraman zuten espetxera, sendagaiak eman ondoren.
Atzo goizaldean berriz eraman zuten ospitalera Figueroa. Premiazko sendagaiak eman, eta Langraizera eraman zuten jarraian. Presoaren amak jakinarazi duenez, gaixoa krisialdi etengabeak izaten ditu, eta Figueroa aske uztearen aldeko txostena igorri du espetxeko zuzendariak Madrilera.
Anjel Kalera! ekimenak, bien bitartean, presoa aske uzteko eskatzeko manifestazioa eta ekitaldia egingo ditu bihar iluntzean, Algortan, eta hitzaldia, hilaren 24an.


Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.