Etxerat: “Espetxe politika hau ez da etikoki zuzena, ez eta justiziaren sinonimo”
2008 Apirila 16

Gobernu espainoleko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok 2004-2008 legealdian kudeatu duen espetxe politikaren balantzea egin du Etxeratek Bilbon. Agerraldian, politika horren ondoriorik larrienak jasaten ari diren euskal presoen senideek hartu dute parte. Han izan dira 2006an Aranjuezko kartzelan hildako Roberto Sainz portugaletearraren aita, espetxean 28 urte beteko dituen Jose Mari Sagarduiren aita, larriki gaixo dagoen Anjel Figueroaren ama eta beste hainbat senitarteko. Mattin Troitiñok, Txomin Troitiño euskal presoaren semeak hartu du hitza Etxeraten izenean eta azken lau urteetan preso politikoek nahiz euren senideek pairatutako sufrimendua azpimarratu du. Hala nola, Zapateroren azken legealdi horretan bost euskal preso hil dira espetxe politikaren ondorioz eta hiru senide, istripuetan. Horrez gain, ehun istripu baino gehiago jazo dira lau urte horietan eta 270 senidek ondorio fisiko larriak dituzte.
Balantze errepresiboa “beldurgarria” dela aipatu ostean, inoiz historian izandako preso politikorik gehien dagoela nabarmendu du. Guztira 735 euskal herritar daude Estatu espainol zein frantseseko espetxeetan sakabanatuta eta, horietatik asko, egoera larrian. Jose Mari Sagarduiren kasua da haietako bat. Datorren uztailean 28 urte egingo ditu espetxean. Europan denbora gehien kartzelan daraman presoa da. Horrez gain, 40 preso politikok 20 urte baino gehiago bete dituzte dagoeneko espetxean eta, horrekin batera, “senideak bidaia luzeak egitera behartu” dituztela azaldu du Troitiñok. Halaber, 21 preso daude heriotz zigorrera kondenatuta Auzitegi Goren espainolak ezarri zuen 197/2006 sententzia aplikatu zaielako.
Larri gaixotuta dauden presoak ere espetxeraturik mantentzen dituztela salatu eta, Anjel Figueroaren kasua ekarri dute gogora. Bere amak azaldu duenez, Gobernu espainolak “esaten duena esaten duela, badaki egiten dutena legez kanpokoa dela eta beraien legeak betetzea nahi dugu”. “Espetxe politika hau ez da etikoki zuzena, ez eta justiziaren sinonimo”, salatu du Txomin Troitiñoren semeak, eta Zapaterok eskaintzen duen gauza bakarra “errepresio bortitza” dela ohartarazi du. “Krudelkeria areagotu” egin da bere hitzetan, eta egoera horrek “senideak heriotzera zigortzen gaitu”. “Ez gaude prest bortizkeria hori lau urte gehiagoz jasateko”, azaldu du, eta egoera hori edozein lekutan salatuko dutela jakinarazi. Hala, euren eskuetan dagoen guztia egingo dutela esan du senide gaixoak kaleratu, zigorrak beteta dituztenak askatu eta euskal presoak euskal herriratzeko.

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.