Ostirala, 2008 Martxoa 28
Anjel Figueroa Algortako euskal preso politiko gaixoa berriro eraman behar izan dute Gasteizko Txagorritxu ospitalera, atzo bertan beste epilepsia krisialdi bat izan zuelako. Urtarrilaren 28an ere ospilateratu behar izan zuten, egun batzuk lehenago, Txagorritxun hilabetea egin ostean, Langraizko espetxera bueltatu eta lau krisialdi sufritu zituelako. Orduan, otsailaren 13ra arte egon zen ospitalean. Xehetasun gehiago jakin artean, gaur iluntzerako Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak hileko azken ostiralerako egindako deialdiarekin bat egitera deitzen zaituzte Anjel kalera! herri ekimenak. Algortako Telletxe plazan izango da elkarretaratzea, 20:00etan.
Berriak |
Larunbata, 2008 Martxoa 8
Ostiral iluntzero bezala, atzo ere Anjel Figueroa algortarraren eta gainontzeko preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zen, 20:00etan, Algortako Telletxe plazan. Horrenbestez, 70 bat auzotar batu zitzaizkien “Anjel askatu. Preso gaixoak etxera!” irakur zitekeen pankarta eusten ari ziren lagunei.
Berriak |
Larunbata, 2008 Martxoa 1
Lehenengo hiru ordutan elkartutako 246 lagunei beste 497 herritar batu zaizkio, 15:00etatik 21:00etara, Algortako Telletxe plazan, Anjel Figueroa preso gaixoari Espainiako Kode Penaleko 92. artikulua aplikatu eta, horrenbestez, kalera atera dezatela eskatzeko. Deialdia egindako Anjel kalera! herri ekimeneko (26 pertsona), sindikatuetako (47), preso egondako eta gazte erakundeetako (49), hainbat lagun-talde algortarretako (50) eta Figueroaren beraren koadrilako kideak (100) kontzentratu dira txandaka. Azkenik, 20:00etako deialdi orokorrean, 225 herritar inguratu dira Telletxera. Tartean, LABeko, Bilgune Feministako, Ikasle Abertzaleetako, Segiko, Txorimalo eta Itzubaltzeta gaztetxeetako, Amarratsak eta Plaza Beltza kolektiboetako, Sopelako Gazte Asanbladako eta beste hainbat erakundeetako lagunak izan dira bertan. Besteak beste, Manu Idarraga, Lurdes Cerrato, Marian Perez del Rio, Mitxel Sarasketa, Jagoba Terrones eta Angel Alcalde preso ohiek ere adierazi diote elkartasuna Figueroari.
Berriak |
Larunbata, 2008 Martxoa 1
Anjel Figueroaren askatasuna aldarrikatzeko bederatzi orduko kontzentrazioari ekin diote eguerdiko 12etan Anjel Kalera! herri ekimeneko partaideek eta kultur arloko hainbat lagunek, guztira 72 pertsona. Tartean, Agurra dantza taldeko, Algortako Aixerrota jai batzordeko, Gorrondatxe abesbatzako, Txorimalo eta Itzubaltzeta gaztetxeetako, Bizarra Lepoan eta EHE euskara taldeetako eta Koska, “UK” eta Ukberri.net tokiko komunikabideetako lagunak izan dira bertan. Ordu bat beranduago lekukoa utzi diote deialdi orokorrarekin bat egin duten Algortako 111 herritarri. Haien artean, besteak beste izan dira Mariespe Fuertes EAEko hautetsia, alderdi bereko idazkari nagusia den Juan Carlos Gonzalez, Euskararen Behatokiko zuzendaria Paul Bilbao, Kepa Petralanda kazetaria, Urko Manzano errugbilaria, Jose Luis Franco 18/98+ plataformako kidea, Figueroaren beraren senideak eta Algortako Bertsolari Eskolako zein AEKko kideak. 14:00etan, kategoria ezberdinetako 63 kirolarik eskatu dute Anjeli 92. artikulua aplikatzea, tartean herriko sokatira taldekoak eta Iker eta Kepa Acero, Aritza Saratxaga eta David Bustamante “Zuku” surflariak.
Berriak |