Bederatzi orduz Anjelekin
2008 Otsaila 27
ELKARRETARATZEA: otsailak 29, ostirala, 20:00etan, Telletxen; Etxeratek deituta
ENKARTELADA: martxoak 1, larunbata, 12:00etatik 21:00etara, Telletxen / Elkarretaratze orokorrak deitu dira 13:00ak eta 20:00etarako
Larunbat honetan, martxoak 1, bederatzi ordutako enkartelada izango da Algortako Telletxe plazan, Anjel kalera! herri ekimenak deituta. “9 ordu Anjelekin” lelopean, txandaka egingo dute protesta, 12:00etatik 21:00etara, herriko hainbat kultur elkarte, kirol talde, euskalgintzako eragile, herri komunikabide, sindikatu, gazte erakunde, gaztetxe, mugimendu feministako talde, preso ohi eta amnistiaren aldeko mugimenduko partaide; gaixotasun larria duen Anjel Figueroa preso politiko algortarrari Espainiako Kode Penalaren 92. artikulua aplika diezaiotela eskatu eta, horrenbestez, kalera atera dezatela aldarrikatzeko. Herritarrokin batera, Figueroaren lagunak eta etxekoak ere izango dira bertan. Deialdia irekia da, eta zentzu horretan, elkarretaratze orokorrak deitu dira 13:00ak eta 20:00etarako.
Bestalde, Etxerat elkarteak etzirako, otsailak 29, egindako deialdiarekin bat eginez, hileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan parte hartzera deitu nahi ditu herritarrak Anjel kalera! herri ekimenak. Preso gaixoen askatasuna aldarrikatzea izango dute ardatz iluntzeko protestek. Kode Penalaren 92. artikulua aplikatuz, gaixotasun larriak dituzten gainontzeko euskal preso politikoak eta Anjel Figueroa algortarra bera ere kalean uztea eskatuko dugu berriro ere. Horrenbestez, 20:00etan egingo da kontzentrazioa, Algortako Telletxe plazan.
Zortzi elkarretaratze Uribe Kostan eta Erandion
Hilero bezala, etzirako, otsaileko azken ostiralerako, hainbat kontzentrazio deitu du Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak Euskal Herri osoan. “Gaixoak eta espetxe zigorra bete dituztenak askatu! Euskal Presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe!” aldarrikapen nagusiaren harira, Uribe Kostan eta Erandion zortzi hitzordu izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Algortan, Telletxe plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Elkarretaratzearen ondoren, taloak egingo dituzte Leioako Kurkudi eta Algortako Amnistia tabernetan.
Zuk zeuk ere parte har dezakezu!
Preso gaixoak kalera! Anjel kalera!


Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.