Artxiboa: 2008 Otsaila

Bederatzi orduz Anjelekin

Asteazkena, 2008 Otsaila 27

Larunbat honetan, martxoak 1, bederatzi ordutako enkartelada izango da Algortako Telletxe plazan, Anjel kalera! herri ekimenak deituta. “9 ordu Anjelekin” lelopean, txandaka egingo dute protesta, 12:00etatik 21:00etara, herriko hainbat kultur elkarte, kirol talde, euskalgintzako eragile, herri komunikabide, sindikatu, gazte erakunde, gaztetxe, mugimendu feministako talde, preso ohi eta amnistiaren aldeko mugimenduko partaide; gaixotasun larria duen Anjel Figueroa preso politiko algortarrari Espainiako Kode Penalaren 92. artikulua aplika diezaiotela eskatu eta, horrenbestez, kalera atera dezatela aldarrikatzeko. Herritarrokin batera, Figueroaren lagunak eta etxekoak ere izango dira bertan. Deialdia irekia da, eta zentzu horretan, elkarretaratze orokorrak deitu dira 13:00ak eta 20:00etarako.

Berriak | 0 iruzkin

Langraizera bueltan epaiketa egin diote Anjel Figueroari

Asteartea, 2008 Otsaila 19

Bi aste luze Gasteizko Txagorritxu ospilalean eman ondoren, asteazkenean eraman zuten berriro Langraizeko espetxera Anjel Figueroa euskal preso politiko gaixoa. Bada, kartzelera heldu eta hurrengo egunean, astelehenean (atzo) epaiketa izango zuela jakinarazi zioten algortarrari. Kordobatik iritsi berri zela, azaroaren 29an Langraizen sortutako liskarraren ondorioz, espetxe funtzionarioak berak jarri dio salaketa, “presoak eraso zuelakoan”. Mari Karmen Fernandez euskal errepresaliatuaren amaren ahotan bestelakoa da Figueroaren bertsioa: konortea galdu eta, esnatu zenean, lurrean etzanda eta eskuak loturik aurkitu zuen bere burua. Atake epileptikoa izan zuen algortarrak, kartzeleko arduradunek onartu bezala. Hala eta guztiz ere, funtzionarioari eguneko bi euro ordaintzea eskatzen diote, hilabete eta erdiko epean. “Dirua ere ez da hori. Kontua da beti nahi dutena lortzen dutela azkenean. “Handik hilabete batera ez zuen esan bada tipoak sorbalda minduta zuela”, tamaldu da Figueroaren amak.

Berriak | Iruzkin 1

Elkartasunari erantzunez

Igandea, 2008 Otsaila 3

Anjel Figueroak dozenaka lagunen babesa izan zuen atzo goizean Txagorritxuko ospitalean, Gasteizen. Bertan dute larriki gaixo dagoen euskal preso politikoa, eta bere askatasuna aldarrikatu zuten, beste behin ere, bere auzokide eta lagunek elkarretaratze bat eginez. Algortako presoak agur maitekorra itzuli zien bere gelako leihotik.

Berriak | 0 iruzkin

Anjel Figueroa askatzeko deia Txagorritxuko ospitalera eraman dute

Igandea, 2008 Otsaila 3

Anjel Figueroa preso politiko algortarraren senideak, lagunak eta beste hainbat herrikide ere, Gasteizko erietxeraino abiatu ziren atzo presoaren askatasuna galdegin eta algortarrari babesa eman asmoz. Goizeko 11:00ak aldera kotxe karabana irten zen preso politiko gaixoaren sorterritik, eta 12:30ak inguru eman zioten hasiera elkarretaratzeari Gasteizko Txagorritxu ospitalaren aurrealdean. “Anjel askatu! Preso gaixoak kalera” lelopean egin zuten mobilizazioa, eta Figueroak ospitaleko leiho txiki batetik agurtu ahal izan zituen bertan bildutakoak. Azken egunetan hainbat eta hainbat mobilizazio egin dituzte algortarraren askatasuna galdegiteko, bere osasun egoera txarra dela-eta. Lau epilepsia krisialdi izan ondoren, Anjel Figeroa Txagorritxun ospitaleratu behar izan zuten berriz aste honen hasieran.

Berriak | 0 iruzkin

Gaur Algortan egingo da elkarretaratzea

Ostirala, 2008 Otsaila 1

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, gaur ere elkarretaratzea izango da, 20:00etan, Algortako Telletxe plazan, Anjel Figueroa preso gaixo algortarraren askatasuna aldarrikatzeko. Bestalde, bihar, larunbatarekin, Gasteizko Txagorritxu ospitalaren aurrean egingo da kontzentrazioa, 12:30ean, Anjel kalera! herri ekimenak deituta. Horrenbestez, 11:00etan abiatuko da auto karabana Algortako Fadura kiroldegiko aparkalekutik.

Berriak | 0 iruzkin

anjel kalera! blogaren 2008 Otsaila artxiboetan zaude.

Meta