Urtarrileko azken ostiralean ere Anjel kalera!
2008 Urtarrila 25
Argazkian, azaroaren 9an 200 bat lagun manifestatu ziren Anjel Figueroaren askatasunaren alde / ukberri.net
ELKARRETARATZEA: urtarrilak 25, ostirala, 20:00etan, Telletxen; Etxeratek deituta
SINADURA BILKETA: urtarrilak 26, larunbata, 13:00etatik 14:00etara, Tellagorrin
Etxerat elkarteak gaurko, urtarrilak 25, egindako deialdiarekin bat eginez, hileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan parte hartzera deitu nahi ditu herritarrak Anjel kalera! herri ekimenak. Preso gaixoen askatasuna aldarrikatzea izango dute ardatz iluntzeko protestek. Kode Penalaren 92. artikulua aplikatuz, gaixotasun larriak dituzten gainontzeko euskal preso politikoak eta Anjel Figueroa algortarra bera ere kalean uztea eskatuko dugu berriro ere. Horrenbestez, 20:00etan egingo da kontzentrazioa, Algortako Telletxe plazan. Bestalde, aurreko larunbatean egin bezala, bihar ere Figueroaren aldeko sinadurak batuko ditugu 13:00etatik 14:00etara, musikaz lagunduta. Oraingoan Algortako Tellagorri plazan.
Hilero bezala, gaurko, urtarrileko azken ostiralerako, hainbat kontzentrazio deitu du Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak Euskal Herri osoan. “Gaixoak eta espetxe zigorra bete dituztenak askatu! Euskal Presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe!” aldarrikapen nagusiaren harira, Uribe Kostan eta Erandion zortzi hitzordu izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Algortan, Telletxe plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Aipatu protestetan Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izaten ari diren gazteak ere gogoan edukiko dituzte, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Arkaitz Goikoetxea ihes eginda dagoela kontuan hartuta, Algortako Urtzi Paul, Endika Lejarzegi, Ekaitz Bilbao, Aimar Hidalgo eta Kepa Saratxaga; Berangoko Martin Etxegarai, Sopelako Gontzal Gonzalez eta Leioako Urtzi Murueta epaitzen dabiltza. Elkarretaratzearen ondoren, ostiralero bezala, taloak egingo dituzte Leioako Kurkudi tabernan.

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.