Anjel Figueroa Langraizera bueltatu dute
2008 Urtarrila 25
Argazkian, 16 gazteen epaiketa salatzeko Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin zuen atzo Gurasoak elkarteak
Etxeratek hileko azken ostiralerako egindako deialdiarekin bat eginez, 170 lagun inguru elkartu dira Algortako Telletxe plazan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko. Horrenbestez, larunbat honetan, urtarrilak 26, 13:30ean Telletxetik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Iluntzean, ordea, ez da Algortan mobilizaziorik egingo, “gaizki ulertzeak gora behera, komunikabideek zabaldu dutenaren kontra”. Bizkaiko 16 gazteri Espainiako Auzitegi Nazionalean egin dieten epaiketa salatzea izango du helburu eguerdiko martxak. Bestalde, hilabetea Txagorritxu ospitalean eman ostean, dagoeneko Anjel Figueroa preso gaixo algortarra Langraizko espetxean dago, errepresioaren aurkako erakundeak jakinarazi duenez. Azkenik, Kabo Berden hil den Endika Iztueta santurtziarra gogora ekarriz, euskal iheslari politikoek “egoeraren laztasuna” nabarmendu du AAMk eta, bihar, Santurtziko parketik 19:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu du.
Anjel Figueroa preso gaixo algortarraren egoeraren inguruan “bere kezka” agertu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. “Epilepsia krisialdi larriak sufritu ostean ospitaleratu behar izan zuten Txagorritxun. Askok Langraizera hobeto dagoelako bueltatu dutela pentsatu dezakete, baina espetxeko baldintzek Anjelen egoera larriagotu baino ez dute egiten”, kexatu dira errepresioaren aurkako erakundeko kideak. Hartara, algortarraren aldeko ekimenetan parte hartzea “inoiz baino garrantzitsuagotzat” jo du AAMk. Besteak beste, aurreko larunbatean egin bezala, bihar ere Figueroaren aldeko sinadurak batuko ditu 13:00etatik 14:00etara, musikaz lagunduta, Anjel kalera! herri ekimenak. Oraingoan Algortako Tellagorri plazan.


Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.