Anjel Figueroa preso gaixoaren aldeko sinadura bilketa izango da bihar Algortan
2008 Urtarrila 18
SINADURA BILKETA: urtarrilak 19, larunbata, 13:00etatik 14:00etara, Telletxen
Txalaparta doinuez lagunduta, sinadurak batzeko mahaia jarriko du larunbat honetan, urtarrilak 19, Algortan, Anjel kalera! herri ekimenak. Gaixotasun larria duen Anjel Figueroa preso politiko algortarrari Kode Penalaren 92. artikulua aplika diezaiotela eta, beraz, libre utzi dezatela eskatzeko abitu zuten ekimena, azaroaren 17an, 50 bat auzotarrek. Dagoeneko 13 urte daramatza espetxean Figueroak. Gaixotasun larria eta sendaezina du: epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala. Horren ondorioz krisialdi epileptiko larriak izaten ditu, krisialdi horietan konortea galtzen du, eta tartean absentziak, memoria galerak eta haluzinazioak ere izaten ditu. Gainera, orain gutxi, ezkerraldeko lobulu tenporalean beste foku bat duela antzeman zioten. Kronologikoki begiratuta ere preso algortarraren egoera gero eta okerragoa da. Gero eta krisialdi eta arazo ugariagoak ditu. Hain zuzen ere, egun Txagorritxun ospitaleratuta dago, abenduaren 29an izan zuen krisialdi larriaren ondorioz. Horrenbestez, orain bi hilabete abiatutako sinadura bilketarekin jarraituz, mahaia jarriko da bihar, 13:00etatik 14:00etara, Telletxe plazan (metro geltoki alboan). Hurrengo larunbatetan ere mahaiak jartzen jarraitzeko asmoa dago, musika doinuez lagunduta, asteburu bakoitzean toki bat edo bestea aukeratuz.

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.