Figueroaren eta gainontzeko preso gaixoen askatasuna aldarrikatuko dute bihar Algortan
2007 Azaroa 29

ELKARRETARATZEA: azaroak 30, ostirala, 20:00etan, Telletxen; Etxeratek deituta
Hilabeteko azken ostiraleko mobilizazioekin bat eginez, Etxerat elkarteak ostiral honetarako, azaroak 30, deitutako elkarretaratzean bat egitera deitzen ditu auzotarrak Anjel kalera! herri ekimenak. Preso gaixoen askatasuna aldarrikatzea izango dute ardatz biharko kontzentrazioek. Kode Penalaren 92. artikulua aplikatuz, gaixotasun larriak dituzten gainontzeko euskal preso politikoak eta Anjel Figueroa algortarra bera ere kalean uztea eskatuko du auzotar ugarik azaroaren 17an abiatutako ekimenak. Horrenbestez, elkarretaratzea, 20:00etatik aurrera izango da, Algortako Telletxe plazan.
Preso guztiei dagokie osasun eskubidea, baita euskal preso politikoei ere. Gaur arte bost euskal preso politiko hil dira kartzelan hainbat gaixotasunen ondorioz eta beste zazpi gil dira gaixorik kaleratu ondoren. Anjel Figueroak bezala gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamabi euskal preso politiko daude. Horiei ere, 92. artikulua aplikatu behar zaie, hau da, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean kaleratzea aurreikusten duen legearen aplikazioa. Horrekin batera, urriko polizia operazioan atxilotu zituzten gazteetatik, Josu Rodriguez (Berango) eta Txomin Gezuragari (Algorta), gaixotasun larriak izanik, eurei ere osasun eskubidea zor zaie.
Langraizera heltzear
Aste hasieran iragarri bezala, Anjel Figueroa preso politiko algortarra larunbatean eraman zuten Kordobako espetxetik Valdemorora (Madril), Langraizera berriro bueltatzeko asmoz. Atzo Burgosen egin zuen gaua eta gaur zen heltzekoa Langraizera. Baina informazio hau idazterako unean, Anjel kalera! herri ekimenak ez du konfirmatzerik izan heldu den ala ez. Etxetik hurbilago izateak albiste ontzat hartu daitekeen arren, presoaren osasun egoeraz kezkatuta agertu dira senideek. Gaixotasun larria eta sendaezina dauka Figueroak: epilepsia temporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala. Orain gutxi beste foku bat aurkitu zioten medikuek ezkerreko lobuluan. Dagoeneko Kordobara bidean hiru atake epileptiko izan zituen preso algortarrak. Bere egoeraz kezkatuta, sinadura bilketa ere abiarazi du herri ekimenak. Biharko elkarretaratzean bertan sinadura orriak banatuko dituzte, bakoitzak konpromisoa hartu eta sinadurak bil ditzan.

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.