Langraizera bueltan dakarte Anjel Figueroa
2007 Azaroa 27

ENKARTELADA: astelehenetik ostiralera, 20:00etan, Telletxen; Etxeratek deituta
Azaroaren 19an Kordoban epaiketa egin ostean, Langraizko espetxera bidean da Anjel Figueroa gaixotasun kroniko eta sendaezina duen Algortako preso politikoa. Larunbatean eraman zuten Kordobako espetxetik Valdemorora (Madril) eta han eman ditu azken gauak. Lekualdaketaren ohiko ibilbidearen arabera, familiarrek adierazi dute seguruenez Burgosen lo egingo duela bihar, asteazkena; ostegunean Langraizera heltzeko. Etxetik hurbilago izateak albiste ontzat hartu daitekeen arren, presoaren osasun egoeraz kezkatuta agertu dira senideek. Gaixotasun larria eta sendaezina dauka Figueroak: epilepsia temporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala. Orain gutxi beste foku bat aurkitu zioten medikuek ezkerreko lobuluan. Behar dituen bizibaldintzak ez datoz bat kartzela erregimenarekin. Are gutxiago, tokialdaketen baldintzekin: Guardia Zibilaren kamioi zelular batean egiten dira, 80×100 zentimetroko kaiola batean bi pertsona jesarrita, eskuburdinak lotuta. Baldintza horietan espetxez espetxe joaten dira, tartean hainbat kartzeletan lo eginda, trantsitoko ziegetan. Oraingoan, horri gehitu zaio, Valdemoron bakar bakarrik jarri dutela ziegan, baldintza horietan atake epileptikoa edukitzeak izan ditzakeen ondorio larriak kontutan hartu gabe.
Dagoeneko Kordobara bidean hiru atake epileptiko izan zituen Anjel Figueroak. Azaroaren 8an Burgoseko espetxean lo egin zuen eta atake epileptiko bortitza izan zuen. Larunbat horretan Valdemorora eraman zuten eta bertan ere beste atake epileptiko izan zuela adierazi zien familiarrei, nahiz eta ondo gogoratu ez. Izan ere, Valdemoron bakarrik izan zuten ziegan. Azaroaren 14an Valdemorotik Kordobara eraman zuten. Bidean beste atake epileptiko izan bide zuen. Izan ere berak ez du gogoratzen baina guardia zibil batek esan zion berak artatu zuela, lurrean etzanda izan zutela… baina besterik ez.
Anjel Kalera! herri ekimenak berriro ere adierazi nahi du preso algortarra kalean eta bizirik nahi dugula. Preso guztiei dagokie osasun eskubidea, baita euskal preso politikoei ere. Gaur arte bost euskal preso politiko hil dira kartzelan hainbat gaixotasunen ondorioz eta beste zazpi gil dira gaixorik kaleratu ondoren. Anjel Figueroak bezala gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamabi euskal preso politiko daude. Horiei ere, 92. artikulua aplikatu behar zaie, hau da, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean kaleratzea aurreikusten duen legearen aplikazioa. Urrian atxilotu zituzten Josu Rodriguez (Berango) eta Txomin Gezuraga (Algorta) gazteek ere gaixotasun larriak dituzte, eta osasun eskubidea zor zaie.
Gure bitartekoak urriak dira. Baina dinamika ireki eta partehartzaileak bideratu nahi ditugu, zeregin honetan bakoitzak bere lekutik eta alorretik bere ekarpena egin dezan: inork ez dezala esan ez duela ezagutzen zer gertatzen ari den. Herritarren sinadura bilketa egin; herritar, talde, elkarte, sindikatu, alderdi eta gainerako taldeen atxikimenduak bildu eta; mobilizazioak, agerraldiak eta ekitaldiak antolatuko ditugu. Herri dinamika piztu nahi dugu, berandu izan baino lehen Anjel Figueroa gure artean kalean izateko.

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.