Astelehenean epaitu zuten Anjel Figueroa Kordoban
2007 Azaroa 22

ELKARRETARATZEA: azaroak 23, ostirala, 20:00etan, Telletxen
Anjel Figueroa gaixotasun kroniko eta sendaezina duen Algortako preso politikoa astelehenean, azaroak 19, juzgatu zuten Kordobako epaitegian. Fiskalak 30 eguneko 5 euroko isuna eskatu zuen, hau da, 150 euro, autoritatearen errespetuaren kontrako falta egotzita. Epaiketa hori zela eta, hilaren 8an eraman zuten Figueroa Euskal Herritik eta, aste batez leku-aldatzean ibili ostean, 14an heldu zen Kordobara. Aurreko beste leku-aldaketa batean miaketari uko egin eta guardia zibilei iraindu eta ostikoka hasi izana leporatu zioten asteleheneko epaiketan, bere garaian Guardia Zibilak egin zuen salaketaren harira. Bertsio horren arabera, agenteek Figueroa heldu eta lurrean atxiki zuten arauzko miaketa egiteko. Algortarrak, ordea, miaketan oinetako kordelak kendu eta entregatzeko eskatu ziotela eta berak horrek zentsurik ez zuela adierazi ostean guardia zibil batzuek bizkarraldetik oratu eta lurrera bota zutela azaldu zuen. Lurrean, atake epileptikoa jazo eta konortea galdu zuen eta medikuak aurpegian zaplastekoak ematen ziola itzuli zen bere senera.
Figueroak hori guztia jendaurrean salatu zuen, baina epaitegian ez zuen salaketarik ipini dagoeneko salaketak ipintzeaz nazkatuta dagoelako, bere abokatuari esan zionez, zakarrontzira bota eta gehienetan ezertarako balio ez dutelako.
Orain Kordobako espetxeko enfermerian dago, beste bi presokin batera zelda barruan. Gurutzetako medikuek martxorako jarri zioten jarraipena egiteko hurrengo kontsulta eguna.

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.