Anjel kalera! herri ekimena abiatu dute Algortako 50 bat auzokidek
2007 Azaroa 17

Espainiako Auzitegi Nazionalak gaixotasun larri eta sendaezina duen Anjel Figueroa preso politiko algortarrari askatasuna ukatu ondoren, “injustiziaren aurrean matxinatu” dira Algortako 50 bat auzokide eta “Anjel kalera!” herri ekimena abiatu dute gaur goizean. Ekimenak helburu garbia jarri dio bere buruari: “Anjel ekarriko dugu bizirik eta libre”, eta horren berri eman die bai Anjelen senideei eta baita Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaileei. “Konplizitateak bilatu” eta “konpromisoak eskatuko” dituen Anjel kalera!-ren bozeramaile gisa agertu dira gaur Iñigo Santxo Abokatu Euskaldunen Sindikatuaren kidea, Laura Mintegi idazlea eta Figueroaren laguna, Endika Guarrotxena Athletic-eko jokalari ohia, Mikel Goñi Anjelen koadrilako laguna eta Mitxel Sarasketa preso politiko ohia. Anjel Figueroaren kasuaz gain, ekimenak bere kezka agertu du gaixo dauden Berangoko Josu Rodriguez “Nekora”, Algortako Txomin Gezuraga eta beste euskal preso politiko dozena batek pairatzen dituzten egoerengatik. Hurrengo egunotan, sinadura bilketa eta hainbat mobilizazio egitea aurreikusi du jaio berri den ekimenak.
Okerrera doan “Anjelen osasun egoerak ez du bueltarik baina bere egoera fisikoa, non dagoen… bai. Horrek buelta du eta horretarako gaude hemen” azaldu du prentsaren aurrean Laura Mintegi idazleak. Era berean, Mintegik onartu du herri ekimena sortzearen arrazoia izan dela “Espainiak berak espetxeetarako jarritako legeak inolako kredibilidaderik ez izatea”. Izan ere, “GAL erakunde terroristak” burututako Segundo Marey-ren bahiketagatik 10 urtera zigortutako Rafael Vera Seguritaterako Estatuko idazkari ohiaren kasua jarri du adibidetzat Mintegik Estatuaren sinesgarritasun falta azaltzeko: “depresio soil bat aitzakiatzat jarrita” askatasuna eman zioten Verari. Anjel Figueroari, berriz, epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala gaitz sendaezina izan arren, 92. artikulua ukatu diote, agertu du Mintegik.
Ildo beretik, Anjel kalean ez jartzearen atzean arrazoi politikoak baino ez daudela kritikatu du Mitxel Sarasketa preso ohiak: “ni 1998an atera nintzen arrazoi medikoak direla medio. Orain, berriz, Anjel ez dute askatu nahiz eta bere egoera nirea baino okerragoa izan. Baina, ni Lizarra-Garaziko garaian askatu ninduten eta gaur egun beste egoera politikoa dago eta arrazoi politikoak erabiltzen dituzte ez askatzeko”. Bestalde, Anjel kaleratzeko Espainiako Konstituzioaren 25. artikulua eta Kode Penalaren 92. artikulua oinarri juridikoak direla gogoan hartu du Iñigo Santxo abokatuak. Baina, “Espainiako Auzitegi Nazionala zer den badakit abokatu bezala, eta oinarri horiek horientzat ez dutela deus balio badakit” ziurtatu du Santxok.
Mikel Goñik berriz, oso hurbileko arrazoiak azaldu ditu Anjel kaleratzeko. Koadrilako kidea “larri” eta txarto ikusi du azken urteotan espetxean eta berehala askatzeko exijitu du, bizirik jarrai dezan.
Endika Guarrotxena, azkenik, preso gaixo guztiekin gogoratu da. Bere ustez, horiek guztioriek beste baldintza batzuk behar dituzte eta hori dela eta Anjel kalera! herri ekimenean parte hartzea eskatu du.
Anjel kalera! ekimenaren aurkezpenean Algorta eta inguruko auzokide ezagun askok parte hartu du, besteak beste, Juan Carlos Gonzalez Eusko Abertzale Ekintzaren idazkari nagusia, Aratz Gallastegi rugby jokalaria, Trino Azkoitia ALBEren sortzailea, Paule Sodupe Etxerateko kidea, Paul Asensio 18/98+ plataformako kidea, Kepa Petralanda “Gara” egunkariko kazetaria, Mari Espe Fuertes EAEko hautetsia, Mariñe Kamiruaga euskaltzalea, Joseba Butron euskaltzain urgazlea, Karmen Figueroa Anjelen arreba, Kepa Ugarte Ukberri.net-eko koordinatzailea, eta Koska irratiko eta Txorimalo gaztetxeko hainbat kide. Bestalde, Mari karmen Fernandez Anjel Figueroaren amak ezin izan du ekitaldian egon, Anjel bisitatzen egon baita, Kordoban, Euskal Herritik 870 kilometrora.

Iruzkin bat idatzi
Iurzkin bal bidaltzeko saioa hastea beharrezkoa da.